Bizkaiko Ahaldun Nagusia Urdinbideko, Unai Rementeríak, bigarren tunelaren zati biak lotzeko ekitaldian izan da gaur goizean eta bertan jakinarazi du lehendabiziko tunelaren zati bien arteko lotura joandako irailaren 24an izan zela.
Rementeriak baieztatu du obrak aurretik iragarritako abiaduran doazela eta 2018ko martxoaren inguruan amaituta egongo direla. “Epeak betetzen ari gara. Tunelaren alde biak lotzeko 7 hilabeteko epea iragarri genuen eta horrela izan da. Proiektua burutzeko guztira 25 hilabeteko epea aipatu genuen eta esandakoari eutsi egiten diogu. Bere hitza betetzen duen gobernua gara, esaten duena bete egiten duena. Amorebieta-Muxika arteko tarteko obrak 2018ko martxo inguruan amaituko dira”.
Rementeriak adierazi du nahiko lukeela Urdinbideko tunelen bidez Autzaganeko gaina saihestuko duen obra honek lurraldeko errepide-sarearen segurtasuna eta lotunea eta bizkaitarron bizi-kalitatea hobetzeko helburua lor dezan. “Berez, hasteko eta behin lortu dugu 1.500 ibilgailu egunero-egunero Amorebieta-Etxano erditik ez igarotzea. Ongi etorria izan dadila inbertsio hau trafiko-istripuak ekidin eta bizkaitarron lotura eta kalitatea hobetzen baditu”, ziurtatu du Ahaldun Nagusiak.
Uda honetan amaitu dira, baita ere, Autzaganeko gaina eta Gorozikako bihurguneak hobetzeko obrak, tunelak egiten ari diren bitartean errepidea seguruagoa izan dadin, hain zuzen ere. Hobekuntzako proiektu hori Bidesarea planaren barruan zegoen sartuta.
Xehetasun teknikoak
Urdinbideko tunelak egun Amorebieta-Etxano eta Muxika lotzen dituen Autzaganeko gaina saihesten du, Biribieta auzoan hasi eta Gorozika auzoko lotunea iritsi baino lehen amaitzen den ia-ia erabat zuzena den ibilbidearen bidez.
Tunelaren iparraldeko ahoa Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren barruan dago.
Urdinbideko tunela tutu bikoitzekoa da (galtzada bakoitzeko tutu bana) eta galtzada bakoitzeko bi errei dauzka. Ardatz bien arteko aldea 21,50 m ingurukoa da. Alde hori lurpeko tunelaren ia luzera osoan zehar mantentzen da, aldaketa handirik gabe..
Tunelen luzera osoa 700 m ingurukoa da tutu bakoitzean, zertxobait laburragoa (695 eta 693 m, hurrenez hurren, 1. eta 2. tutuari dagokienez) eta goitik gehienez ere 90 m-ko estaldura du, lurpeko tunelaren luzera 538 eta 537 metrokoa delarik, hurrenez hurren, ardatza bakoitzarentzat.. Hegoaldeko ahotik sartzen den sasi-tunel bat du, 112 metrokoa, eta irteerako beste sasi-tunel bat iparraldeko ahoan, hurrenez hurren 45 eta 44 metrokoak.
2016ko urriaren 6an, hauxe da obren egoera:
• Gaur burutu den 2. ardatzeko zati bien arteko loturak amaiera ematen dio tuneleko bi ardatzen aurreratzeko hondeaketari, beste tutuan (1. ardatzekoa) zati bien arteko lotura joandako irailaren 24an gertatu zelako. Nabarmentzekoa da oraingo zati bien arteko lotura obren hasieran onetsitako kontratu-plangintzan aurrez ikusitako datan egin dela.
Tunelaren aho bien arteko lotunea oso muga garrantzitsua da, aho bien arteko igarotzea ahalbidetzeaz eta zulo natural bat sortzeak behartutako aireztapenaren beharrizana murrizteaz gain, tunelaren goiko aldean (gangan) injekzio bidezko iragazgaizteko eta hobekuntzako tratamenduei amaiera ematea ekarri duelako. Orain apurtze-faseko tratamenduak egin beharko dira, zenbateko gutxiagokoak, zulagailu gutxiago behar izateaz gain, aurretik aurrerapen-fasean tratatutako materialen gainean egiten direlako.
• Apurtzeko hondeaketa-faseari dagokionez, gaur arte amaierako proiektuan aurrez ikusitako 44 tratamendu-sekzioetatik (22 ardatz bakoitzeko) 5 daude eginda, hau da, tratatu beharrko kopuru osoaren % 10 inguru. Fase honetan, iragazgaizteko tratamenduak eta haien hondeaketa 2017ko apirilean amaitzeko asmoa dago, hala baitago aurrez ikusita.
• Sasi-tunelen % 100 eta hormigoizko estalduraren % 48 ere eginda dago, jarduketa horiek aurreko kontratistak egin bazituen ere.
Behin apurtzeko hondeaketa-lanak amaitutakoan kontra-ganga egiteko lanekin jarraituko da, injekziorik behar ez duena, eta, ondoren, hormigoizko estaldura egiteari helduko zaio. Azkenik, kanalizazioak, espaloiak, bide-zoruak eta tuneleko instalazioak egingo dira.