eseuen

Bilbao Port-ek bigarren itsas terminala inauguratuko du 2017ko apirilean

Gurutzaontzien denboraldia hasten denean izango da. Bilboko Portuko bigarren itsas terminalaren lanen erdia dagoeneko egin da. Eraikinaren perimetroaren lanak bukatu ostean, barrualdeko lanekin hasiko dira.

Terminala datorren urteko udaberrian martxan egongo da, Europako punta-puntako itsas terminalen arteko bat izanik. Proiektu honek Bizkaiko turismoa sustatzea ahalbidetuko du gurera itsasoz iristen direnekin. Dagoeneko, 51 gurutzaontzi iritsi dira portura, 2015ean baino %19 gehiago.

Bilboko Portu Agintaritza egiten ari den itsas terminal berri honen lanak aurreikusitako epeetan gauzatzen ari dira. Izan ere, eraikina, turistek Bizkaiara iristean jasotzen duten lehen irudia izanik, 2017ko udaberrian Getxora iritsiko den lehen gurutzaontzia jasoko prest egongo da.

Deiaren arabera, altzairuzko eta beirazko eraikin dotore honek, luxuzko gurutzaontzien bidaiarientzat izateaz gain, beste zerbitzu batzuk ere eskainiko ditu.

Bilboko Portu Agintaritzko presidenteak, Asier Atutxak
, adierazi zuen “urtean hona iristen diren gurutzaontzien 50 edo 55 egunez haratago, eraikin honek ekintza gehiago behar du”. Alboan zuen Getxoko lehen zinegotziak, “helburu honekin Bilboko Portu Agintaritzarekin elkarlanean ari direla” berretsi zuen. “Instalazio hauen erabilera ahalik eta gehien aprobetxatu behar da.”

Ekitaldi publiko zein pribatuetarako gune hau erabiltzeko aukera izango dela adierazi zuten, oraindik zehazteke dauden alokairu prezio batean.

Jasoko diren diru-sarrerei buruz, Luis Gabiola Mendietak, BPAko eragiketa, merkataritza eta logistika zuzendariak azaldu zuen “ekonomikoki diru-sarrera hauek ez direla bereziki handiak izango Portuarentzat, baina erabileraren errotazio interesgarri bat ahalbidetuko duela”.

Nahiz eta oraindik jakiteke dauden zeintzuk izango diren erabili ahal izango diren guneak (esaterako aduana eta kontrol guneetara sarrera debekatuta izango da), baina solairu nagusiko eta lehen solairukobi gune zabalenak, eskailera mekanikoz eta igogailuz komunikatuta daudenak, hainbat ekintza egiteko erakargarriak dira. Gainera, autoak aparkatzeko ez da arazorik egongo, izan ere, eraikinaren inguruko moilaren lanekin batera eraikitako zabalgunean 300 ibilgailurentzat aparkatzeko tokia egongo da, horietako 40, autobusentzat izango dena.

Kontenedore handi bat

Hedabideei erakusteko egin zen bisitan ikusi zen bezala, eraikina amaituta dagoela eta langileak klimatizazio, instalazio elektriko eta margo-lanetan ari zirela. Orain dela egun batzuk zink estalkia amaitu zen eta perimetro osoan beirazko kurtina ipinita dago.

Carlos Alzagak, BPAko zuzendaria izan zen bisitaren gidaria eta lehenbizi, hedabideak, gurutzaontzietan iritsitako bidaiariak bailiran gidatu zituen, eta ondoren, ordu batzuk geroago berriz ere ontzira itzultzen ziren turistak bezala. Bi ibilbide hauek ez dira inon nahasten, aireportu baten gisa eraikita dago eta bere herabilera ia-ia berdina izango da.

Bilboko Portuak Getxon duen itsas-terminal hau, bigarren moilan eta hirugarren atrakalekuan dago, eta Bizkaiara itsasoz iristen diren turista kopuruan trafikoan gorakada bat ahalbidetuko du.

Giroa eta Viuda de Sainzen artean sortutako aldi baterako enpresa elkartearen bitartez egindako lan hauek, martxoan hasi ziren 4,60 milioi euroko aurrekontuarekin. Apirila eta ekainaren artean, eraikinaren porlanezko egitura, zimentazioa eta forjak egin ziren, bai bulegoetara zuzendutako guneena eta baita bidaiarientzat zuzendutako gunearena ere.

Ondoren, udan zehar eta urriaren amaiera artean, zinkezko estalkia eutsiko duen egitura metalikoa muntatu zen udazkeneko euriaz babesteko. Beirazko kurtina da eraikinaren perimetroa osatzen duena eta honekin batera lanen erdiak gauzatu dira.

Hemendik aurrera, meteorologiarekin zerikusia duten lanetan arituko dira, besteak beste: klimatizazioan, elektrizitatean, lurretan eta margotze lanetan.

Aldi berean, moilaren ondoan, ontzietara igo eta jaisteko ibiltokia egiten ari dira, gangway-arekin eraikinetik zuzenean gurutzaontzietara joateko. Lan hauek Prosertek enpresa egiten ari da, gutxi gora behera, milioi bat euroko aurrekontuarekin.

Terminalen abangoardian

Eraikinaren diseinua, ontzi enpresa handienek eskainitako datuei arreta berezia jarriz egin da, baita nazioarteko segurtasun arauak kontuan hartuz eta munduko terminal onenen ezaugarriak aintzat izanik. Guzti honek ahalbidetuko du, terminal hau – 15 metroko altuera eta 3.200 metro karratu erabilgarri izango dituena- Europako punta-puntako terminalen artean izatea.

Eraikinak beirazko kontenedore handi bat dirudi eta inguruarekin oso ondo integratzen da, oso ondo bereizita daudelako bidaiari eta ekipajeen gunea eta  ontziratze eta lehorreratze gunea, ibilbide desberdinak eta eskailera independienteak dituztelarik.

Guzti honez gain, BPAk Getxoko Udalaren beharrizanak bete nahian, aldi-luzerako 222 aparkaleku ere jarri ditu. Aparkaleku hau publikoarentzat irekia izango da gurutzaontzirik ez dagoenean. Gainera, beste 31 aparkaleku egongo dira terminaleko langileentzat, 8 mugikortasun urriko pertsonentzat, 10 taxientzat eta 40 autobusentzat.

2016ko denboraldiaren azterketa

2016 urtean zehar Bilboko Portuan lehorreratu diren gurutzaontzia hazi egin da. Apirilaren 5ean iritsi zen urteko lehenbiziko gurutzaontzia, eta gaur arte, berrogeita hamaika ontzi iritsi dira, 2015ean baino %19 gehiago. Denera, 85.071 turista etorri dira, iazko datuekin alderatuz gero, %21 gehiago.

Bidaiarien %58aren jatorria Erresuma Batua izan da eta %14, AEBkoak.

Denboraldi honetan estrainekoz, zortzi gurutzaontzik egin zuten geldialdia hemen. Horien artean azpimarratzekoak, Constellation eta Royal Caribean Cruises Ltd (RCCL). Azken honek, gaua portuan pasa zuen 2.291 bidaiarirekin. Hauez gain, Navigator of the Seas-ek hiru eskala egin zituen, baita RCCL-k ere, aurrena abuztuan, Bilboko jaietan hain zuzen. Ontzi honetan, jatorri ezberdineko 3.899 bidaiari zituen. Celebrity Silhouetteren geldialdia, RCCLren barruan luxuzkoa denak, 2.813 turistarekin etorri zen (gehienak amerikarrak). Urriaren 4an berriz, Erresuma Batuko Fred Olsen enpresako bi gurutzaontzi izanz iren.

Bestetik, Pullmanturrek, Bilbo ontziratze eta lehorreratze portu bezela hartu du, Monarch ontziaren bi geldialdirekin. P&O, Oceania eta TUI bezalako etxeak finkatu dira denboraldi honetan.

Gurutzaontzien turismoa Euskadirentzat diru-iturria den ekintza bat da.

Turismo honek iaz, BPGean 2,27 milioi euroko eragina izan zuen, urtean zehar 145 lanpostu mantenduz eta 0,81 milioi euroko itzulkin fiskalarekin.