eseuen

Bilboko Portuko bidaiarien terminal berria, Olatua, Europakoen abangoardian

Bilboko Portuko terminal berria, Getxoko 3. Gurutzaontzi-kaian kokatua, martxan hasi da, eta iritsi da urteko lehen gurutzaontzia: P&O Cruises konpainiaren Britannia ontzia. Bilboko Portuak guztira 6 milioi euro inbertitu ditu. Haietatik, 4,6 milioi eraikinera bideratu dira; milioi bat, gangway-ra, eta 0,4 milioi, ingurua urbanizatzera.

Terminala diseinatzeko, halako eraikinen eskaera funtzionalen azterketa zorrotza egin da —arreta berezia eskaini zaie gurutzaontzien ontzi-enpresa operadore handiek emandako datuei eta itsasontzientzako nazioarteko segurtasun-arauei— eta munduko terminal onenak bisitatu dira, erreferentzia gisa. Horren ondorioz, eta aplikatutako kalitateko eta itsas segurtasuneko estandar handiei esker, estazio hau Europako abangoardian kokatu da. Horrek guztiak beste bultzada bat emango du Euskadira iristen diren turisten zirkulazioa areagotzeko, eta ontziratze- eta lehorreratze- zerbitzua eta -lanak hobetuko dira; alderdi hori oinarrizkoa da oinarri-portu gisa hazi nahi duten portuentzat eta, beraz, Bilbokoarentzat.

Eraikinaren diseinua, eraikuntza-proiektua eta obra-zuzendaritza Ajuriaguerra Tres arkitektura-enpresak egin ditu; eraikina Giroa eta Viuda de Sainzek osatutako ABEEak egin du, eta gangway-a Prosertek enpresak eraiki du. 2016ko martxoan ekin zitzaien lanei.

Ezaugarriak

Eraikina edukiontzi beiradun handi bat balitz bezala diseinatuta dago; haren barruan, ondo bereizita daude bidaiarien eta ekipajeen joan-etorriak nahiz ontziratzeko eta lehorreratzeko guneak, bakoitzak bere ibilbideak eta eskailerak baititu. Hamabost metro garai da, 3.200 metro koadro erabilgarri ditu, eta bi solairu nagusi eta solairuarte bat dauzka

Terminalaren sarrera

Beheko solairuan, ataria dago, eta han egingo da bidaiaren harrera eta ontziratzekoak diren bidaiarien ekipajeen fakturazioa. Halaber, leku zabal bat egongo da lehorreratzen diren bidaiariek ekipajeak jaso ditzaten, baita turismo-informazioko erakusmahaia ere. Solairuartean, VIP aretoa eta bulegoak egongo dira. Lehen solairuan, itxarongela, ontziratzekoak diren bidaiarien kontrol-eremua eta lehorreratzeko gunea jarriko dira.

Horrez gainera, 169 m luzeko pasagune bat dago kanpoan, eraikinari itsatsia; haren bidez ontziratuko eta lehorreratuko dira bidaiariak.

Garraio-azpiegitura handien modura (tren-geltokiak, aireportuak, etab.) eraikin hori Euskadira sartzeko ate nagusietako bat da. Hori dela eta, irudi moderno eta erakargarri bat bilatu da, baina, aldi berean, dinamikoa eta indartsua, bisitariei gizarte moderno, ekintzaile eta bikaintasun-balioetan guztiz inplikatutako baten argazkia transmitituko diena.

Diseinurako, ingurunea hartu da inspirazio-iturri, eta halako leku pribilegiatuan txertatzeko moduko eraikin bat egin nahi izan da. Hori lortzeko, zinkezko estalki arinari uhin-forma eman zaio, olatuen antza izan dezan, eta beirazko itxiturak erabili dira.

Soluzio arkitektonikoetan, itsasontzi-arkitekturari “keinu” batzuk egin zaizkio; adibidez, batetik, pasabide finkoaren egitura osatzen duten “zuakerrak”, eta, bestetik, estalkiaren euskarrien “V” forma, ontzi zaharretan erabiltzen zirenen antzekoa.

Materialak aukeratzean, funtzionaltasuna, iraunkortasuna, mantentze-erraztasuna eta segurtasuna lehenetsi dira. Itsas giroa eta tokiko klimatologia kontuan izanik, arreta berezia jarri da eraikinaren elementu metalikoei ahalik eta babes-maila handiena ematean, korrosioa saihesteko eta, suteren bat bada, eraikina segurtasunez ebakuatzeko besteko erresistentzia izateko. Zinkezko estalkia bereziki egokia da itsasoaren lehen lerroan dagoen eraikin baterako, giro oso bortitza jasan beharko baitu.

Zuzeneko sarbidea itsasontzira

Ontzietarantz irekitzen da geltokia, ontziratze- eta lehorreratze-maniobrak errazteko eta bidaiarien erosotasuna bermatzeko. Bidaiariak aipatutako eraikinaren kanpoko pasagunetik sartzen dira ontzira, zuzenean eta seguru, kaia zapaldu beharrik gabe, plataforma mugikor edo “gang-way” bati esker. Edozein marea-mailatan itsasontzi guztien ontziratze-ateen altuerara egokitzen da azpiegitura hori, itsasontziaren tamaina edozein dela ere, eta, hala, mugikortasun urriko pertsonak sartzea errazten da.

Maleten zirkulazioa eta itsasontziak behar dituen hornidurak kalean egiten dira, atrakalekuaren ondoan, bidaiarien joan-etorritik erabat aparte dagoen eremu batean.

Aparkalekuak

Halaber, eta Getxoko Udalaren eskaria kontuan hartuta, Portuko Agintaritzak 200 egonaldi luzeko aparkaleku prestatu ditu kaian, hau da, Getxotik abiatuko diren gurutzaldien bidaiarientzat eta gurutzaontzirik gabeko egunetan hiritarren eskura egon daitekeena.

Hauekin batera beste 31 aparkaleku sortuko dira terminalaren langileentzako, 8 mugikortasun urriko pertsonentzat, 10 taxientzat eta beste 40 autobusentzat.

Ia 60 gurutzaldi 2017an

Bilboko Portuak bidaiarien terminal berria inauguratuko du aurreikuspen positiboekin, eskala eta konpainia kopuruari begira. 2017 urtean zehar 58 gurutzaontzi espero dira eta ia 94.000 bidaiari, iazko denboraldiarekin alderatuz gurutzaontzien kopuruan %14 gehituz eta beste %10 bidaiariei dagokienez. Helduera batzuen arrazoia azpiegitura berrian datza.
Aurtengo lehen gurutzaontzia Britannia da, P&O Cruisesen ontzi-enpresaren handiena. Ez da lehen aldia izango, Getxon egon baitzen 2015eko maiatzaren 25ean. Urte horretan hiru aldiz etorri zen, iaz bezala. Itsasontziak 330 metroko eslora du, 4.000 bidaiarientzat tokia eta 1.400 langile daude bertan.

Sendi-turismoari begira egina dago eta zortzi eguneko bidaia egiten du normalean. Martxoaren 26an Southamptonetik irten zen (Erresuma Batua) eta bere ibilbidean A Coruña, Bilbo, La Rochelle (Frantzia), Cherbourg-Octeville (Frantzia) zeharkatuko ditu eta apirilaren 2an Southamptonera helduko da berriro.

Lau ontziratze

Denboraldi honetan Bilbon ontziratzeko hiru aukera egongo dira lau data ezberdinetan:

–    “Europa 2″ (Hapag Lloyd), abuztuaren 1ean:
Ibilbidea:
Bilbo-Donibane Lohitzune- Bordele-Le Palais-St.Helier-Honfleur-Antwerp-Amsterdam-Hanburgo.

–    “Sirena” (Oceania Cruises), abuztuaren 8an.
Ibilbidea: Donibane Lohitzune-Bilbo-Gijon-Vigo-Lisboa-Gibraltar-Alacant- -Menorka-Mahon-Bartzelona.

–     “Monarch” (Pullmantur), irailaren 16an.
Ibilbidea:
Bilbo-Lisboa

–    “Europa” (Hapag Lloyd), urriaren 25ean.
Ibilbidea:
Bilbo, Leixoes, Lisboa, Sevilla, Malaga, Valentzia, Bartzelona, Marseilla, Niza.

Denboraldi honetan Cruise & Maritime Voyages konpainiak lehendabizikoz bisitatuko Bilboko Portua. Aldi berean, euren apustua berresten dute
Azamara, Crystal, Oceania, Princess, Seabourn eta Silver Cruises nazioarteko enpresek. Eta, jakina, europarrak, TUI, Hapag Lloyd, P&O, Fred Olsen eta Thomson Cruises bezala.