Itsasotik etortzen diren turisten sarrera Getxoko Kirol Portuan egongo da. Eraikinaren helburu nagusia, 2017tik aurrera indarrean egongo dena, etxeko-portua izatea da, itsas bidaien enpresek abiapuntua eta helmuga bihur dezaten.
Gurutzaontzi-terminal berriak hamabost metroko altuera eta 3.200 metro karratu erabilgarri izango ditu. Beiraz hornitutako kontainer handi, arin eta oso argia izango da, oinarri angeluzuzenekoa, zinkezko estalki arin batez estalia. Sei argi-zulo izango ditu, are argitasun-sentsazio handiagoa emateko, eta itxiera okerra, eraikinari dinamismoa emateko.
Bi solairu nagusi izango ditu, bai eta solairuarte bat ere. Beheko solairuan, ataria eta turismo-informazioko erakusmahaia egongo dira, eta han egingo da bidaiaren harrera eta ontziratzekoak diren bidaiarien ekipajeen fakturazioa. Halaber, leku zabal bat egongo da lehorreratzen diren gurutzaontzietako bidaiariek ekipajeak jaso ditzaten.
Solairuartean, VIP aretoa eta bulegoak egongo dira. Lehen solairuan, itxarongela, ontziratzekoak diren bidaiarien kontrol-eremua eta lehorreratzeko gunea jarriko dira.
Bidaia Getxon hasten edo bukatzen duten bidaiarien ontziratze- edo lehorreratze-beharrei erantzuteko —ezinbestekoa da ekipajearen kudeaketa—, bidaiarien eta ekipajeen fluxuak bereizi dira eraikinaren diseinuan.
Halaber, aparteko eskailerak egongo dira sartzen ari diren eta ateratzen ari diren bidaiarientzat; horrek erraztu egingo du bidaiarien joan-etorria. Barruko sarbideetako bikoiztasun hori funtsezkoa da oinarri-portu izan nahi duten portuentzat; Bilborentzat, besteak beste.
Getxoko Udalaren eskariari jaramon eginez, terminalaren ondoan 222 ibilgailuentzako aparkalekua prestatuko da, gurutzaontziek atrakatzen ez dutenean hiritarrek erabil dezaten.
Azken urteotako prozesuari amaiera emango zaio horrela, “34 milioi euro inguruko inbertsioarekin 2005 eta 2015 bitartean”.