eseuen

Derioko lotunearen lanak irailerako prest egongo dira

Ekonomia eta Lurralde Garapena sustatzeko diputatuak azpimarratu du Bizkaiko errepideen korapilo estrategikoa dela, egunero 16.000 ibilgailuk erabiltzen dutena aireportura, parke teknologikora eta industria-poligonoetara sartzeko. Ibilbidearen konplexutasunak ingeniaritza-konponbide berritzaileak eskatu ditu.

Ekonomia eta Lurralde Garapena sustatzeko diputatuak Viuda de Sainz enpresa Derioko lotunea gauzatzeko egiten ari den lana irailerako prest egongo dela adierazi du. Lan hauetan N-637 eta N-633 lotuko dira eta baita ere BI-737 errepidea Rontegi-Mungia norabidean.

Imanol Pradalesek iragarpena egin du duela urte t’erdi hasi ziren lanak bisitatzean. Helburua zen korapilo estrategiko honen trafikoari fluidotasuna eta edukiera gehiago ematea, egunero 16.000 ibilgailuk erabiltzen baitute aireportura, parke teknologikora eta industria-poligonoetara sartzeko.

“Jarduera honetan ia 7 milioi euro inbertitu dira. Gure ustez gidari askoren egunerokoa hobetuko du, uda honetan bertan lanerako joan-etorriak edota aireporturako bidaiak egiteko erabiltzen dutenena azken finean. Hori lortzeko bigarren erraia egiten ari da aireportura eta parkera joateko. Azken finean Txorierriko auto-ilarak arintzeko”.

Lotune honen egokitzapena ez da erraza izan eta mugarri bi izan ditu: lehenengo eta behin beheko pasabidearen hondaketa izan zen, Aste Santuan burutu zena. Bigarrena zubibidea eusten duen habea kentzea bigarren erraia eraiki ahal izateko.

Azken honek ingeniaritza-konponbide berritzaileak erabiltzera behartu ditu egileak, ibilbidearen zailtasunak gainditzeko. Lurraldeko errepideak hobetzeko eta seguruak egiteko Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidesarea egitasmoaren baitan kokatzen dira ekimen hauek.