Ingurumen eta Lurralde Politika Sailera atxikitutako Uraren Euskal Agentziak, uztailean hasi zituen Urbiko zubiko lanak amaitu ondoren bihar arratsaldean irekiko da garraioentzako pasabide berria. Lan horiei esker zubiak ahalmen hidrauliko handiagoa izango du eta Ibaizabal ibaiaren ur-goraldiekiko segurtasuna handituko da.
URAren zuzendari nagusi Iñigo Ansolak azaldu duenez “Bizkaiko Foru Aldundiak 1935ean eraiki zuen aurreko zubia hormigoi armatuaz eginda zegoen. 9,8 metroko zabalera eta 20 metroko luzera zuten 3 zati berdintsuk osatzen zuten, eta ertzetan oinarritzeaz gain, ibilguan kokaturiko bi zutabek eusten zuten. Ibilguan ziren bi zutabe horiek ez zetozen bat ibilguaren norabidearekin uraren hustuketa oztopatuz, eta, batik bat ur askoko sasoietan ur-laminaren handitzea sortzen zuten. Horrexegatik ordezkatu behar izan da zubia”.
Eraiki den zubi berriak ahalmen hidrauliko handiagoa izango du. Ahalik eta zabalera handienarekin eraiki da (13,60metro): 3,30 metro luzerako bi errei, oinezkoentzako 2,5 metro luzerako pasabide bi eta 2 metro luzerako bidegorria.
Ibaiaren goraldien aurrean segurtasuna
Lanok Ibaizabal ibaiaren bideratze lanen 2. Faseari dagozkio, Urbi eta Bengoetxe artekoak, hain zuzen ere. Orain dela gutxi Bridgestoneko zubia ordezkatu da, Urbi presaren eraisketa burutu da, eta Urbi eta Bengoetxe arteko tartearen ibilguaren zabaltze lanak bukatu dira. Horiekin batera, orain, Urbiko zubiaren ordezkapenak ahalbidetuko du ibilguaren ur-hustuketarako ahalmen eskasak sortutako arriskuak murriztea Basauri-Galdako eta Zaratamoko eremu industrialetan.