“Egunero elkarregaz” lelopean, Mungia izango da Bizkaiko Ikastolen jaiaren erdigunea, bertoko Larramendi Ikastolaren 50. Urteurrena ospatzeko eta Viuda de Sainzek haiekin batera ospatuko du “Begiak eta belarriak zorrozturik” eraso sexistei aurre egiteko.
“Izan zirelako gara eta garelako izango dira” esaldia abiapuntutzat hartuta, aurtengo edizioaren antolatzaileek Larramendi Ikastolaren eguneroko lana duela 50 urte sortutakoaren haritik doala eta joango dela azpimarratu gura dute. “Katea ez dadila eten” diote antolatzaileek.
Berdintasunezko jaia, jasangarria eta morez jantzita
Iazko Ibilaldiaren ekarpena adibidetzat hartuta, “eragile moreek” lan egingo dute Ibilaldia erasorik gabeko jaia izan dadin, “begiak eta belarriak zorrozturik” azaldu dute antolatzaileek.
“Eragile moreak” boluntarioak dira eta lan egiten dute eraso sexistak eta jarrera desegokiak ekiditeko. Peto morea eramango dute.
Ibilaldiak ere ingurugiroa zainduko du. Besteak beste, antolatzaileen kotxeak elektrikoak izango dira eta, garraioaren jasangarritasuna azpimarratze aldera, garraio publikoa erabiltzea eskatzen dute.
Halaber, birziklatzearen aldeko mezua zabalduko dute: edukiontziak egongo dira ibilbidean zehar eta neurriak hartuko dira ura eta elektrizitate gutxiago erabiltzeko.
Programa
Gazteen inplikazioa ere bilatuko da Erronka frogaren bitartez. Helburua da 14-16 urte bitarteko gazteen parte hartze aktiboa izatea eta, horretarako, froga batzuk antolatu dira. “Froga zirraragarriak izango dira, taldeka gainditu beharrekoak. Ikasle askok egun pasa elkarrekin izango dute eta ikuskizun paregabea eskainiko diote ikastolen jaira hurbiltzen den edonori”.
Ibilbidea eta guneak
Aurtengo 5,7 kilometroko ibilbideak Mungia eta Larramendi ikastola lotuko ditu, bidegorria lotura gisa, lau gunetan banaturik:
– EGUNERO, Larramendi Ikastolan
– ERDU, Iturbaltzaga auzoa
– ALKARREGAZ, Atelan
– JAIO, Mungiako erdigunean.